Ner Group osatzen duten erakudeetako pertsonek gizarte eta ingurumeneko 16 proiektutan parte hartu dute iaz.
Ner Group-ek gizarte eta ingurumeneko 16 proiektutara bideratutako 3.500 lanordu baino gehiagorekin amaitu du urtea, prebentzioa eta distantzia soziala nagusi diren une zail honetan. Halaxe nabarmendu da, taldeak urte osoan abiarazitako jarduera guztiak zehatz-mehatz jaso dituen gizartearekiko 2021eko konpromisoari buruzko memorian.
Nabarmentzekoak dira Katxalin Elkarteak Donostian bularreko minbiziaren aurka bultzatutako martxa arrosaren babesa, antolaketa eta boluntarioen logistika, edota Saluganda GGKEaren bidez umezurztegiei eta emakumeen kooperatibei egindako 8.000 maskara erabilgarriren eta josteko 10 makinaren ekarpena, besteak beste.
Uzta banatzea
Ner Group-eko pertsonentzat, elkartasuna daukatena eta sortzeko gai direna banatzeko konpromisoa da, ez bakarrik soberan dutena partekatzeko konpromisoa. Ildo horretan, NER Group osatzen duten erakundeek urteko emaitzen % 5 bideratzen dute gizartearen aldeko konpromiso-ekintzak bultzatzera.
Horrela, gizartearekin konprometitutako pertsonen taldeak osatzen dituzte gizarte zein ingurumen arloko hainbat ekimen bultzatu eta abian jartzeko. Horren harira, erakunde bakoitzeko pertsonek urteko lanorduen % 2 erabil dezakete ekintza horietan parte hartu ahal izateko.
Elkartasunaren kontzeptu hau funtsezkoa da Ner Group-eko erakundeak egituratzeko erabiltzen den NER estiloaren barruan. Izan ere, harremanen estilo berezi honek pertsonak ditu ardatz, balioak oinarri eta bezeroak, efizientzia eta gizarte osoa helburu.
Gizartearekiko konpromisozko proiektuetara bideratutako ordu hauei gehitu behar zaizkie Ner Group-ek 2010ean sortu zenez geroztik gizarte eta ingurumeneko proiektuei zuzeneko laguntza ekonomikoetan eskaini dizkien 2 milio euro baino gehiago.