Ukrainako gerrak markatutako egungo testuinguruan, Ner Group osatzen duten erakundeetako 200 boluntariok baino gehiagok gizarte eta ingurumenaren aldeko ekintza eta ekimenetan parte hartu dute.
Pertsonekiko eta gizarte osoarekiko konpromisoaren barruan, Ner Group-eko Gizartearekiko Konpromisoko taldeak gizarte eta ingurumen arloetako 12 proiektu abiarazi ditu 2022ko lehen erdialdean. Ekimen horietan, Ner Group osatzen duten erakundeetako 218 boluntariok parte hartu dute, 1.866 lan-ordu boluntariotza-zereginetara bideratuz.
Abian jarri diren ekimenen artean, beren-beregi nabarmendu dira ukrainar herriari babesa eta elkartasuna emateko gauzatutako ekintzak. Gerra Errusiaren otsailaren 24ko inbasioarekin hasi zen, eta hurrengo egunean, Ner Group-ek Ukrania SOS ekimena aktibatu eta abiarazi zuen NegoBide enpresa-zirkuluarekin eta eslaviar jatorriko hogeita hamar bat boluntariorekin batera, gerrak kaltetutako pertsonentzako laguntza zuzenean eta eraginkortasunez koordinatu ahal izateko.
Konpromiso honen barruan, otsailean, Ner Group-eko boluntarioen konboi bat Kosiceraino abiatu zen, Eslovakia eta Ukrainaren arteko mugan, janariak, neguko arropak eta sendagaiak eramateko, eta Euskadira itzultzean, gerraren ondorioz ihes egindako 26 pertsona ekarri zituzten.
Euskadin, babesari eusteko, gure lurraldean hartutako 1.000 ukrainar baino gehiagorentzako harrera, laguntza, gizarteratze-laneratzea eta diru-bilketa xede dituzten programetan parte hartzen dute.
12 proiektu abian
Ukrainako herriaren aldeko elkartasun-proiektuez gain, aurten, Ner Group-ek beste kontinente batzuei zuzendutako sentsibilizazio eta giza-eskubideen aldeko proiektuak ere sortu eta abiarazi ditu, hala nola, Saluganda GKEari dohaintzan emandako 110 bizikletaren bilketa, Afrikako herrialde hartako irakasleek eguneroko joan-etorrietarako erabil ditzaten.
Ondoko grafikoan ikus daitezke Ner Group-ek urteko lehen seihilekoan abiarazitako gizarte eta ingurumen arloetako ekintzak.
Uzta banatzea
Ner Group-eko pertsonentzat, elkartasuna daukatena eta sortzeko gai direna banatzeko konpromisoa da, ez bakarrik soberan dutena partekatzeko konpromisoa. Ildo horretan, NER Group osatzen duten erakundeek urteko emaitzen % 5 bideratzen dute gizartearen aldeko konpromiso-ekintzak bultzatzera.
Horrela, gizartearekin konprometitutako pertsonen taldeak osatzen dituzte gizarte zein ingurumen arloko hainbat ekimen bultzatu eta abian jartzeko. Horren harira, erakunde bakoitzeko pertsonek urteko lanorduen % 2 erabil dezakete ekintza horietan parte hartu ahal izateko.
Elkartasunaren kontzeptu hau funtsezkoa da Ner Group-eko erakundeak egituratzeko erabiltzen den NER estiloaren barruan. Izan ere, harremanen estilo berezi honek pertsonak ditu ardatz, balioak oinarri eta bezeroak, efizientzia eta gizarte osoa helburu.