Ner Group-i atxikitako erakundeetako hogei koordinatzailek baino gehiagok parte hartu dute Emanak egindako “Taldeen Coachinga” prestakuntza-ikastaroan.
Liderrak, jaio ala egin egiten dira? Galdera horren erantzuna luzaroan eztabaidatu da hainbat diziplinatan, psikologian edo hezkuntzan kasu. Lidergorako trebetasunak sortzetikoak diren ala denborarekin gara daitezkeen zehaztea da horren azpian dagoen ideia.
Pertsona batzuek liderraren berezko ezaugarriak dituzte, hala nola, adimen emozionala edo jaiotzetiko komunikazio-gaitasuna, baina lidergorako trebetasunak esperientziaren, prestakuntzaren eta praktikaren bidez ere landu eta hobetu ahal dira. Helburu horri begira, Ner Group-eko kide diren erakundeetako hogeita bost koordinatzailek Emana elkarteak egindako “Taldeen Coachinga” prestakuntza-zikloan parte hartu dute lau hilabetez.
Lidergoaren arloko esperientziak
Talde-lana da NER estiloa inplementatu duten erakundeen ezaugarri nagusietako bat. Talde autogestionatuetan lan egiten duten erakundeak dira, eta talde horietan lidergoa da funtzionamenduaren gakoetako bat, pertsonen autonomia babestu eta sustatzea ahalbidetzen duena, haien askatasuna, proiektuarekiko konpromisoa eta efizientzia bultzatuz.
Hurrenez hurren Royde, Lancor eta Walter Packeko koordinatzaileak diren Aitor Artolazabalek, José Luis Femiak eta Miguel Bernarrek euren esperientzia azaldu dute “Taldeen Coachinga” ikastaroan parte hartu ondoren.
Aitor Artolazabal, Roydeko koordinatzailea
Egun, erakunde guztiok nabarmentzen dugu talde-lana, baina behar adina hausnartu al dugu taldean lan egiteak zer esan nahi duen?
Ikastaro honetan, hainbat kontzeptu ezagutu eta hainbat tresna gureganatzeko aukera izan dugu: taldearen zergatia eta zertarakoa definitzeko moduak, talde-jokoaren helburuak eta arauak ezartzeko moduak, eta taldearen barruko zereginak eta harremanak, baita bilerak egiteko metodologia berriak, Belbin rolak eta taldeetako rolak, elkarrizketen diseinua, erabakiak hartzeko ereduak eta gatazkak konpontzeari buruzko zertzeladak ere, besteak beste.
Gure taldeetan, modu inplizituan edo esplizituan, galdera horiei erantzuten saiatzen gara, baina gai bati ez diogu behar bezalako arretarik ematen, arazo jakin batengatik ez baldin bada. Hartara, taldearen zereginetan, helburuetan eta helburu horiek lortzeko behar dugun guztian jartzen dugu arreta, baina ez diegu behar bezalako arreta eta dedikaziorik ematen taldeko pertsonen arteko harremanei, nola sentitzen garen aztertzeari edo bizitzen ari garen egoerak zer sentiarazten digun zehazteari, besteak beste.
Ez dira elkarrizketa edo gogoeta errazak, baina nire kasuan behintzat, erakunde barruko bide hori ikastaroko ikaskuntzetatik abiatuta jorratu ahal izan dut. Horri esker, bide berriak zabaltzen hasteko aukera izan dugu.
José Luis Femia, Lancorreko konpromiso-koordinatzailea
Emanaren ikastaroko esperientzia oso positiboa izan da. Talde autogestionatuak koordinatu eta lideratzeko tresna ugari eskuratu ahal izan dut. Funtsezkoa iruditu zait tutore batek emandako aholkularitza pertsonala, praktikara eraman ahal izateko.
Eguneroko jardunean jardunbide osasungarriak txertatzea da erronka, talde-lanean, esperientzia partekatuan eta antolaketan laguntzeko asmoz. Lantaldearen barruan espazioak eta dinamikak sortzen ikastea, zerbitzu-eremuei eta helburuei ahalik eta etekinik handiena ateraz.
Miguel Bernar, Walter Packeko koordinatzailea
Poz-pozik nago ikastaroarekin. Eszeptizismo handiz joaten nintzen, eta egia esanda, taldeak lideratzen hainbat urte egin ondoren, ez nuen uste ezer gutxi ikas nezakeenik.
Irakasten dituzten esperientzia horiek bizitzeko sortzen den talde-dinamika izan da atentzioa eman didan lehenengo gauza. NER inguruko beste pertsona batzuekin egoteak erraztu egiten du sarrera eta elkar ulertzea.
Bigarrenik, harrituta geratu naiz zenbat kontzeptu eta trikimailu dauden, taldeak lideratzen esperientzia handia izan arren ezagutzen ez nituenak. Teknikak, kontzeptuak, trikimailuak, gainerako pertsonen esperientziak… Hori guztia aberasgarria da eta ikuspegi desberdina eskaintzen du funtzionatzen duen talde baten inguruan. Gainera, talde batek modu efiziente eta erangikorragoan funtzionatzea errazten duten palankak ezagutzeko aukera ematen du.
Ikaskuntza handien artean, beren-beregi nabarmenduko nituzke pertsonek taldeetan betetzen dituzten rolei buruzko gaiak: entzuten jakitea, erabakiak onartzea, desadostasuna errespetatzea, denei hitz egiteko aukera ematea… Laburbilduz, ikaskuntza interesgarria izan da, eta praktikan jartzen saiatzen ari naiz dagoeneko.
Esperientzia aurkikuntza handia izan da niretzat, eta espero dut Walter Packen taldeko pertsona gehiagok ikastaro hau egiteko aukera izatea.