Lituaniako erakundeen ordezkariek Euskadi bisitatu dute NER estiloa ezagutzeko

Errepublika baltikoko 30etik gora profesionalek osatutako taldeak NER Group-i atxikitako erakundeetako batzuk bisitatzeko aukera izan dute, NER estiloa bertatik bertara ezagutzeko.

Aste honetan, Lituaniatik etorritako hogeita hamar bat pertsona zituen ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du Harremanen Estilo Berria eta Ner Group-i atxikitako hainbat erakundetan duen aplikazio praktikoa ezagutzeko asmoz.

Taldeak elikadura, merkataritza, hezkuntza, industria eta ingeniaritza, ingurumena eta jasangarritasuna, higigarriak eta osasuna bezalako sektoreetako profesionalak biltzen zituen, eta TEAL erakunde-mugimenduarekiko jakin-minak eta NER Group unibertsoari atxikitako Corporate Rebels enpresa holandarrak bultzatuta etorri dira gure lurraldera. Elkarren helburua? Jarduera ekonomiko autojasangarrien garapen-ereduak ezagutzea.

Zenbait egunez, taldeak esperientziak partekatu ditu Ner Group-eko kide diren erakunde batzuetako lantaldeekin. Hartara, gure arteko egonaldian, Logos eta Panelfisaren egoitzak bisitatu dituzte Gipuzkoa, baita Lancor eta Walter Pack-enak ere, eta horietan, ekonomia sozialak, enpresetako partaidetza-eredu inklusiboak eta NER estiloak proposatutako beste jardunbide egoki batzuek eskaintzen dituzten emaitzei buruz hitz egin eta iritziak partekatzeko aukera izan dute.

Horrez gain, hainbat topaketa egin dituzte Ner Group-eko beste erakunde batzuetako koordinazio-taldeekin, Arreche, Estudio K, Grip-on, Icaza, Trebeki eta Zubiola tarteko. Lurraldean errotutako tradizio luzeko lankidetza-formula hauei esker, Euskadi kooperatibismoaren nazioarteko erreferente bihurtu da.

Era berean, bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Ner Group-eko erakundeek eta hauek osatzen dituzten pertsonek gizartearekiko konpromisoaren barruan abiarazitako gizarte eta ingurumen arloetako proiektuetako batzuk.

Lituaniako ordezkaritzaren bisitaren amaieran, lan-jardunaldi trinko horien ondoren sortutako gogoetak partekatzeko saioa egin zuten. Topaketa Icazaren ‘Espacio Amigo’ delakoan egin zen, Bilbon.