Ner Group-ek lankidetzan dihardu Dislegi elkartearekin ikasgeletan dislexia detektatzeko

“Dislexia On” proiektuaren bidez, Ner Group-ek eta Dislegi Gipuzkoako dislexia elkarteak elkarlanean dihardute Tolosaldeko ikastetxeetan ikaskuntza-nahasmendu hori detektatzeko.

Pertsonengan eta hauen gaitasunetan konfiantza izatea, eta aldi berean haien sormena sustatzea da NER estiloa definitzen duten ezaugarrietako bat, pertsonak eta haien ongizatea erakundeen eta gizartearen erdigunean kokatuz. Apustu honen barruan, 2019an, Ner Group-eko Gizartearekiko Konpromisoko taldeak ‘Dislexia On’ proiektua abiarazi zuen Dislegi Gipuzkoako dislexia elkartearekin batera.

Ekimen honi esker, Arreche, Panelfisa eta Roydeko boluntarioek, Dislegiko langile espezializatuekin batera, dislexiarekin “lagunkoiak” diren eskolak eraikitzen lagundu dute Tolosaldean.

Urte honetan, eguneroko lanean torlojuak, errodamenduak eta dekoletaje-piezak ekoizten dituzten Ner Group-eko boluntarioek dislexiarekin lotutako hainbat gairi buruzko prestakuntza jaso eta eraldaketa sustatu dute ikastetxeetan ikaskuntzaren arloko nahasmendu horren inguruan.

Proiektu aitzindaria

Eskoletan egindako lanaren ondorioz, boluntarioekin lankidetzan jardun duten ikastetxeen % 80 Euskadin aitzindaria den prozesu batean murgildu da, irakurketarekin eta idazketarekin lotutako hizkuntza-trebetasunei eragiten dien nahasmendu hori detektatzeko.

Horrela, Dislexia On izenpean, Dislegik, Ner Group-en lankidetzaz, hainbat jarraibide sortu ditu dislexia jasateko aukera duten ikasleak hobeto lokalizatu ahal izateko.

Prozesu hau abian da jadanik, eta diagnostiko goiztiarrerako autoebaluazioak eskainiko ditu, baita prestakuntza espezifikoak eta egokitzapen goiztiarrak ere, dislexia duten ikasleek ikaskuntza-prozesuan aurrera egiteko zailtasun gutxiago izan dezaten.