Panelfisa, antolaketa-eraldaketan arrakasta-kasua Corporate Rebels-entzat

Enpresen arloko eraldaketa eta berrikuntzaren erreferentzia bilakatu den komunitate holandarrak automobilgintzarako finkapenak fabrikatzen dituen konpainiaren kultura-aldaketaren prozesua azaldu du bere blogean.

2016an, Joost Minnaar eta Pim de Morree holandarrek beren ohiko lan korporatiboei uko egitea erabaki zuten, zaharkituak eta desmotibatzaileak zirelakoan. Bestelako proiektu eta antolakuntza-ereduek bultzatuta, munduan zehar ibili ziren, lan egiteko esperientzia eta modu eraginkor, motibatzaile eta gogobetegarriagoen bila.
Praktika eta metodologia berri hauek aztertu eta zabaltzeko asmoz, Corporate Rebels elkartea sortu zuten, eta honen blogetik esperientziak, ikerketak eta arrakasta-kasuak partekatzen dituzten, enpresetan kultura-aldaketa sustatzeko. Dibulgazio-lan honen barruan, aste honetan bertan, “How A Human-Centered Workplace Survived A Crisis, And Thrived After” izenburua daraman artikulua argitaratu dute, Ner Group-eko kide den Panelfisa erakundeari erreparatuz, ingurune korporatiboari dagokion eraldaketa eta berrikuntzaren arrakasta-kasutzat.
Testuan irakur daitekeenez, automobilgintzako enpresei zuzendutako finkapenak fabrikatzen dituen Tolosako ehunka urteko kooperatiba honek, 2010ean zuen egoera kritikoari buelta emanez, sektoreko konpainia nagusietakotzat sendotzea lortu du. Prozesu hau arrakastaz gauzatu ahal izan da hausnarketa sakon eta parte-hartze bidezko eraldaketari esker, NER estiloaren ezarpenaren bidez, izan ere, erakundeak egituratzeko modu berri honekin landutako proiektuek pertsonak dituzte ardatz, balioak oinarri, eta bezeroa, efizientzia eta gizartea helburu.

Automo(tiba)zioak elkartuta

NER Panelfisan inplementatzearen ondorioz, autogestionatutako erakunde honek egitura parte-hartzaileagoa eta gardenagoa du, baita oparoagoa ere negozioari dagokionez.

Egun, “automotiveating” delakoa Panelfisa osatzen duten pertsona guztiak mugiarazten dituen palanka bihurtu da. Automotibazioak eta automozioak elkartuta, taldearen gaitasunei, antolaketa-estiloari eta inplikazioari esker, automobilgintzaren sektore ezinago zorrotzean espezializatu ahal izan da, finkatze-sistemetan beharrezko diren kalitate-mailarik altuenetara egokituz.