Roydeko egungo taldea erretiratutako lankide ohiekin bildu zen joan den astean, errodamenduak ekoizten dituen enpresa honen 40 urteko historiaz gogoeta egiteko.
“Izan ziren, gara eta izango dira”. Hitz-jokoa baino, Royde proiektua osatu duten lehengo eta egungio pertsona guztien artean egindako gogoeta-ariketa da: orainetik egindako iraganarerako begirada, bertatik ikasi eta etorkizunari begiratu ahal izateko..
Horixe da joan den astean antolatutako jardunaldian Ner Group-eko kide den Royde errodamendu-fabrikatzailearen lehengo eta egungo taldeak partekatutako ideia nagusia. Topaketari esker, erakundearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz gogoeta egiteko aukera izan zuten, betiere enpresa osatu duten lehengo eta egungo pertsonak protagonistatzat hartuta.
Makinek, ordenagailuek eta telefonoek funtzionatzeari utzi zioten egun batez. Roydeko kide diren pertsona guztiek, erretiratutako beste pertsona batzuekin batera, Royderen historia partekatu, aztertu eta horri buruz gogoeta egiteari ekin zioten, laurogeiko hamarkadaren hasieraraino atzera eginez.
Lehenik eta behin, tartetxo bat eskaini zioten antolaketa-sistema baten historiari eta pertsonen arteko loturari begiratzeak duen garrantzitsua ulertzeari, eta ondoren, parte-hartzaile guztien artean azalduz eta partekatuz joan ziren Royderen bizitzako azken lau hamarkadetako mugarriak, gertaerak, erabakiak, testuinguruak, zailtasunak, arrakastak, pertsona garrantzitsuak, zikloak eta abar.
Historia partekatua
Tazebaez delakoaren erraztasun bisualari esker, parte-hartzaileak betez joan ziren saioaren hasieratik aretoko edozein angelutatik ikus zitekeen panel hutsa, pertsona guztien artean partekatutako hainbat elementu historiko sartuz. Azkenean, panela osatu egin zuten, Royderen historia osoa islatuz. Hortik aurrera, historiaz hausnartu eta ikasteko espazio partekatua ireki zen, erakundearen etorkizunerako zenbait zertzelada proposatuz.
“Saioaren hasieran eszeptizismo handiagoa zutenak ere pozik agertu ziren egindako lanarekin. Errutina profesionalean egindako parentesi hau beharrezkoa izan da etorkizun hobea lortzen lagunduko duten bide ezberdinetan aurrera egiten jarraitzeko”.
Atzio Orexa, NER_atelierreko dinamizatzaileak.
Jardunaldi honi esker, 24 herrialde baino gehiagotan finkatuta dagoen erakunde honek bere historiari buruzko kontakizun handi eta partekatua landu ahal izan du, Royde taldea osatu duten lehengo, egungo eta geroko profesionalen eskutik.